Durangoko azokak berrogei urte betetzen ditu aurten. Lehen aldiz, Bainonan egin dute aurkezpena. Abenduaren zazpitik, hamaikara izango da azoka. Egitarauaz eta historiaz zerbait jakin nahi baduzue klikatu ezazue hemen. www.durangokoazoka.com eta badakizue, anima zaitezte euskal literatura eta musikaren jai honetan parte hartzen.
KONTSUMOAREN GIZARTEAN BIZI GARA
Gabonak inguratzen hari direla esan dezakegu. Nahiz eta, askok oraindik urruti sumatu edo sentitu, funtsean hilabete bat baino ez da geratzen. Eta nola ez, telebista jartzen baduzue, jostailu,turroi… iragarkiak ikusiko dituzu. Esan beharra dago, geroz eta azkarrago asten direla iragarki mota honekin. Horrela jarraitzen badugu, hemendik urte gutxiren buruan, urte osoan zehar ikusi ahal izango ditugu. Noren onerako ordea? Iragarki horiek guztiak, kontsumo berezi batetara bultzatzen gaituzte. Gabonak direla eta dirua nahi gabe edo inkontzienteki, baina beste urteko edozein garaitan baino gehiago gastatzen dugu. Baina denoi gustatzen zaizkigu goxo horiek guztiak eta horrez gain denok dugu ohitura opariren bat etxekoei erostea. Horretaz baliatzen dira, turroiak, bonboiak,jostailuak… egiten dituzten etxeak eta nola ez supermerkatuak.
Horrekin jarraituz (supermerkatuekin) esan behar da “kanpaina” mota honen bultzatzaile nagusienetarikoak direla. Ez da telebistara murrizten, ezta gutxiagorik ere. Dendak eta batez ere supermerkatuak, jada jostailuz eta goxoz beterik ditugu eta hiriburu handiren bateko supermerkatu handienetan, argiak eta bestelako adornuak jartzen hasiak direla ere badakigu. Ez pentsa gainera turroien eta jostailuen kontu hau, orain dela bizpahiru egunen kontua denik, azaroaren hasierarako dena jarrita zegoen.
Honekin zer adierazi nahi digute gabonak, kontsumoaren sinonimotzat hartu behar ditugula? Zer erakusten da guzti honekin, geroz eta gehiago kontsumitu, gauza gehiago edukiz zoriontsuago zarela?
Ez litzateke harritzekoa izango haurrak dagoeneko Olentzerori idazten hasita egotea, eta nola ez, gabon egunean geroz eta jostailu gehiago izan orduan eta gusturago egongo da haurra eta hori da azken finean nahi duguna. Baina orain haur delako nahi duen guztia izatera ohitzen badiozu, nola erakusten diozu haztean, bizitza honetan batek ezin duela nahi duen guztia eskuratu?
Gabonen kontu honekin amaitzeko esan beharra dago, gabonak bukatzean guztiontzat ezaguna den urtarrileko aldapa etortzen dela , baina benetan ematen al diogu garrantzirik? Nik ezetz esango nuke, kontsumoak begiak ixten dizkigu, eta azken finean materiala soilik baloratzera iristen gara. Nahiz eta oso tristea iruditu, gaur egungo gure gizartea horretara murrizten da. Diruak agintzen duen eta sentimendurik ez dagoen gizarte batean. Hobe genuke guztiok, gutxiago kontsumitu eta daukagun hori baloratzen ikasiko bagenu.
Harry Potter y el misterio del príncipe, gaztelaniaz 2006ko otsaiaren 23tik aurrera eskuratu ahal izango duzue, Salamandra argitaletxeak jakinarazi duenez.
Euskarazko bertxioa ez dakigu noiz kaleratuko duten oraindik. Bertan abentura ugari izango direla ziurtaturik dago, 607 orriz osaturik egongo da. Magiazko bigarren gerra bat hasiko da. Honek ez du sorginen munduan soilik eragina izango, Muggleen (pertsona normalen) munduan ere, izango du eragina. Zati barregarri bat dagoela ere badakigu istorioaren hasiera aldean, guztiz iluna den liburu batean. Harryk azkenik Dumbledorengan konfidantza lortzen du eta gauzak hasiera batean ongi joango dira, baina Voldemort agertzen denean dena okertzen hasiko da. Liburuaren berri gehiago jakin nahi baduzue bisita ezazute www.fantasymundo.com/articulo.php?articulo=150. Guk esan dezakegun gauza bakarra zera da, oso liburu ona izango dela eta amaiera arte jakin-minez edukiko gaituela.
Azken hamasei urte hauetan bezala, aurten ere Beasaingo idazlehiaketa abian da. Dakizuen bezala, gaia askea izanen da eta A mailakoen artean poesia lehiaketa ere ospatzen da.
Lehiaketan bost maila bereizten dira, ondorengoak dira eta baldintza horiek bete behar dituzte:
-A mailakoak 1988-1989an jaioak dira. Hauen ipuinak bost orri gutxienez eta sei gehienez izan ditzake. Olerkiak, aldiz, 60 lerro izan beharko ditu. Ez bertsoek, ez itzulpenek ez dute balio.
- B mailakoak 1990-1991an jaioak dira. Hauen gutxienekoa lau orrira murrizten da eta bost orri baina gehiago ezin ditzake izan idazlanak.
- D mailakoak 1992-1993an jaioak dira. Hiru orri gutxienez eta lau gehienez izan behar ditu ipuinak.
- E mailakoak 1994-1995an jaioak dira. Bi orri gutxienez izan behar ditu eta hiru gehienez.
- F mailakoak 1996-1997an jaioak dira eta hauen gutxienekoa orri batetara murriztuta geratzen da eta gehienez bi orri izan ditzake.
Aurkezteko Beasaingo, Ordiziako edo Lazkaoko ikastetxeetan ikasten dabiltzan ikasleak izan behar dute, edota Beasainen erroldaturik baina beste nonbaiten ikasten hari den ikasleren bat.
Epea abenduaren bederatzia da eta idazlana Beasaingo Udaletxeko Euskara Zerbitzuan aurkeztu behar da.
Aurkezterako orduan kontuan izan behar da:
Idazlan bakoitzarekin batera, gutunazal itxia aurkeztuko beharko dela. Horren kanpoko aldean, idazlanaren izenburua, izengoitia eta ikastetxearen izena adierazi behar dira eta barruan berriz ondorengo datuok:
- Egilearen izena eta bi abizenak, ikasketa-maila, helbidea eta telefono-zenbakia.
- Idazlanaren izenburua eta izengoitia eta ikastetxearen izena.
Sari bikainak daude jokoan, badakizue Goierriko ikasle zaretenok anima zaitezte idaztera, pena merezi du eta saiatzeak.
